XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Frantzia eta Angleterra

MAITE ZAITUT...

Burupil edo margarita-lorea eskuan lakhet zaiote nechka gazteri, banaka, bi erhi-puntaz, hostoak atheratzen diozkatelarik erranez: Maite zaitut izpi bat, haundizki, arthoski, erhoki, batere ez.

Nun gelditzen baita lore-hostoa, eta han omen da agertzen, bihotzean gorderik daukagun amodioa.

Har-azu zuk ere burupil miresgarria: jalgi ahala khen-oitzu hostoak, zure bergarioa ezpainetan mur-mur! Badakikezu ordutik Frantziaren eta Angleterraren arteko zeren berri, menderen mende.

Frantsesek Angleterra maite dute, noiz nola: edo izpi bat, edo haundizki, edo arthoski, edo erhoki, edo batere ez. Heien amodioa goiz-haizea bezain aldakor. Elhe eztienak behin charamelatu-eta, berdin fera-futro bota lezakete ondoko egunean, iduri zakhurrentzat ez dela on.

Gerla-aintzin ephelean ziren Angleterrarekin. Beroan gerla hastean. Horma-karronjan Dunkerke gudu-irietan. Orai aldiz erakit-khetan Suez-eko kasailatik goiti...

Bet-betan jauzi egin dute izpi bat-etik erhoki-rat. Anthony Eden Parisen ginuen joan den astean, eta heldu den urthean Elisabeth erregina Pariserat jitekoa.

DENBORA HETAN.

Egia erran, 14-eko gerlaraino Angles eta Frantsesen arteko amodio ala herrak, munduari ala bakea ala gerla bazekarkion.

Europako herriak elgarren heinekoak zauden, eta bana-bertze elgarren bethe.

Frantzia ari zena gaina hartzen? Angleterra berehala lauzkan emaiten zen haren etsaiekin, Frantzia lurrerat zabal-zabala erort-artino. Angleterra ber guduan ez zen athertu, nun ez zituen Napoleon-en soldadoak zafratu eta Napoleon bera Sainte-Hélène ugarterat preso bildu.

1870-ean Angleterra ez zen aski goiz ohartu goiti ari zela Alemania, eta Frantziak jo zuen peko erreka.

Bainan Angleterrak ez zuen orduko erakaspena galdu. Hurbildu zitzaion Frantziari.Frantziarekin ukondoz-ukondo kalitzen Alemania 14-eko gerlan. Jakin balute Alemanek 14-eko udan, Angleterrak Frantziarekin ihardokiko ziola, ez da dudarik, ez zirela menturatuko gerlaren sakatzerat.

Politika horrek izena zuen erdaraz: politique de l'équilibre européen. Horren arabera, Europako erresumek hein bertsua atchiki behar, denen kukuluan egon zadin Angleterra. Orduan, Angleterra Frantziarekin eman-eta, denek beharko zuten heien aintzinean belhaunikatu: ez zuen Nasser batek balentria haundirik eginen, edo ongi gostako zitzaion denbora hetan.

EGUNGO EGUNEAN

Frantses hainitz eta gain-gainetik Christian Pineau minichtroa, iduri luke bizi direla lehengo urhelanho horren liluran.

Ahanzten dute orduan Angleterrak bazituela munduko erresuma gehienek baino untzi gehiago.

Ahanzten Frantziak bazuela munduko erresuma gehienek bezain nasaiko armada.

Ahanzten Rusia ala Amerika ezin handituzko sukhar gaichtoan zirela.

Ahanzten Arabeak, Indiatarrak, Afrikanoak ichil zaudela, Europanoen muthil.

Orduan bezain ahaldun eta azkar izaiteko, behar ginuke jarri elgarrekin, ez bakharrik Frantziak eta Angleterrak, bainan Europa guziak. Aldiz bazter daude ba Alemania, ba Italia... Bazterka eta kasik gibelka dago Espainia... Nola detzazkegu erasia? Utzi ditugu gure batasunetik moztuak: ez dezakete bere gain har, heienak ez diren arrangurak.

Europarik ez badugu, hobendun zonbait Frantses itsu eta gogor.

Bainan errotik eta hein berean hobendun, Angleterra.Angleterrak jastatzen ditu orai bere erhokeriaren fruitu kirets eta minduak. Eta ez du haste baizik!

Haatik Angles-ek (aithortu behar da) burua hotz daukate, eta begia chorrotch. Ikhusten dute deus ez dezakegula egin Amerika gabe... Apazegatzerat ari dira Pineau jaunaren, hau, bere ezin bertzeaz khechu, ari baitzen dena elhe minkor eta uztarkeria Amerikanoen kontra!

1956-ean Nasser errege chumearen bere hatzerat itzul-arazteko, Frantzia eta Angleterra ez aski!

SO EGILEA.